Bonberenea Ekintzak 2002012 Doinuen Hamarkada


10 urte dira dagoeneko Bonberenea Ekintzak izenarekin ezagutzen dugun plataforma aurreneko pausoak ematen hasi zenetik. Hamar urte elur bola txiki hark abiada hartu eta gaur egun ezagutzen dugun elur jauzia bihurtzen hasi zenetik, “Oztopo guztien gainetik” bildumarako espreski egokitu zen estudio inprobisatu hartan.

Hori dela eta, Bonberenea Ekintzak argitalpen berezi batekin dator aurtengo udazkenerako, orain arteko ibilbidearen errepaso zabala burutzen duen “Bonberenea Ekintzak 2002012, Doinuen Hamarkada” izeneko liburua hain zuzen ere. Doinuen inguruan mugitu den hamarkada bati omenaldia, beste hamarkada bat ahalik eta modu egokienean hasteko.

Hainbat material ezberdinez horitua dago liburua. Hasteko, ugaria da aurkitu dezakegun material inprimatua, gauza dezente baitaude kontatu beharrekoak hamar urteko ibilbidea burutu duen mugimendu baten inguruan. Hurrengoekin egingo du topo irakurleak, besteak beste: orain arte Bonberenean burutu diren grabazio guztien zerrenda (dikoen portadekin batera), Bonberenea Ekintzak plataformaren inguruko hainbat azalpen (filosofia, ibilbidea, mugimenduaren hastapenak…), argitaratutako erreferentzia guztien zerrenda bakoitzaren promozio orriarekin batera, bertan hasieratik lanean egon den Karlos Osinaga ekoizleari elkarrizketa…

Ezin dugu ahaztu ordea, autogestioan garatutako hamarkada bat Euskal Kulturaren historian betirako markatuta utzi nahi duen bilduma, katalogo, entziklopedia edo dena delako honek ikus-entzunezko material sorta paregabea daramala bere barnean. Izan ere, 2 KD eta 2 DVDk osatzen dute Doinuen Hamarkada honi egindako begiratua. 2 KDetan, orain arte Bonberenea Ekintzak zigilupean kaleraturiko disko bakoitzeko abesti bat dator (38 guztira). Honetaz gain, 13 zuzenekotan egindako grabazioak ere aurkituko ditugu DVDetako batean (Berri Txarrak, Zea Mays, Inoren Ero NI, Lisabö, We are Standard, Willis Drummond…) eta beste 16 bideoklip bestean.

Laburbilduz, bilduma ezinhobea doinuz jositako hamarkada bat ospatu eta bestea hasteko, guztia autogestioaren erritmoa jarraituz.

 

Harremanetarako:
info@bonberenea.com
www.bonberenea.com
Julen: 647 024 034