Badator beste urte batez Tolosako Bonberenea Gaztetxearen urteurrena. Dagoeneko agendako ekintza ezberdinetan murgilduak, urtero bezala arlo askotako jarduera ezberdinez jositako egitaraua antolatu dute bertako piromanoek. Horrela, musika (formatu ezberdinetan) izango da protagonista, baina ez dira faltako beste hainbat esparruri eskainitako datak.
Izan ere, aurtengoa ere urte emankorra izan da benetan gaztetxearentzat. Urteroko ekoizpen musikal eta kulturalaz gain, nabarmendu beharra dago legearen aurrean (eta herritarren aurrean) Bonbereneak bereganatutako estatus berria. Izan ere, beste gauza askoren artean 2013. urtea Bonberenea Sutan kanpainari amaiera emateko urtea izan da. San Esteban auzoko eta Tolosako beste hainbat puntutako herritarrez osatutako prozesu parte hartzaile baten erabakia izan da gaztetxea auzoaren zati garrantzitsu dela gaur egun eta izango dela etorkizunean. Hau dela eta ospatu da aurtengo abuztuaren 31ean azken Bonberenea Sutan jaialdia (4. Edizioa), Fermin Muguruzaren “No more tour” biraren azken kontzertua izan dena, Anai Arrebak, Bad Sound System eta Zuloak taldeekin batera.