Bonberenea 27 urte

Bonberenea 28 Urte! - ELKARLANAREN ERRESISTENTZIA, herriekin elkartasuna!

BONBERENEAri buruz pentsatzean, burura etortzen zaigun lehenengo ideia da gure etxea dela. Beste urtebete egin dugu gure egin dugun gune honetan, eta ospakizuna ez da edozelakoa, konturatzerako 28 urte bete baititugu, eta oraindik ere gogor dihardugu lanean, betiko moduan!

Etxe honek betiko dinamikarekin jarraitzen du eta, erraza ez den arren, lehen eguneko sugarrari eta aurrera egiteko gogoari eusten saiatzen gara egunero, erosotasunean erori gabe. Proiektua sortu zen garaian, inguruan somatzen genuen kultur dinamika gabezia edo hutsunea betetzea izan zen gure helburu nagusia, kultur jarduera bermatzeko eragile izan nahi genuen. Asmo bera mantentzen dugu gaur egun ere.

Bide horretan etxeak etengabe bilakatzen eta berrasmatzen aritzea eskatu digu eta esango genuke, bertatik pasa den pertsona askoren laguntzaz, jakin dugula aldaketetara egokitzen. Egun lanean diharduen belaunaldi berria ere ari da bere lekua egiten eta gauzak geratzen ez diren seinale garbia serigrafi tailerra da, adibidez, martxa onean lanean jarri duguna.

Aldaketak bizitzaren parte dira eta horma hauen barruan gertatzen den aldaketa orok zerbait berria suposatzen du. Gauzak eztira bakarrik mantentzen eta gure etxe zaharrak ere behar du BONBERENEAko kideen zaintza; horren adibide azkenaldian etxean egin ditugun hainbat lan, hala nola, instalazio elektrikoak berritzea, etxeko sarbideen argiztapena hobetzea, sarrera babesten duen teilatutxoa berritu dugu, eta abar. Azken horien bidez kulturari kolorea ematen diogu, udazkenak negurako bidea hartzen duenean etxeari kolorea emanez.

Etxeko martxari eustea bera ere ikasketa prozesu bat da bertako kideontzat. Beti dago zerbait ikasteko aukera: erratza hartzetik hasi eta,elektrizitate lanak direla, iturgintza, pintura, zen arotzeriakoak, musika tresna bat jotzea, soinu edo argi teknikari lanak direla, sukaldean aritzea, dantza… Gure baliabideekin egin dugu aurrera urte hauetan guztietan eta ikasitakoa belaunaldiei berriei transmititzea ezinbestekotzat jotzen dugu.

Beti ez dugu asmatzen, gauzak ez dira errazak eta dudarik ez dugu etxetik pasa den jende guztia gabe, hau ez zela orain dena izango.  Doakie, lerro hauen bitartez, gure eskerrik onena BONBERENEA eraikitzen lagundu duten lagun guztiei.

Ezin da BONBERENEA ulertu musikarik gabe eta maitasun handiz egiten dugu musikaren inguruan lan. Etxeko oholtzak SUTAN jarraitzen du eta hori horrela izan dadin lan handia egin dugu aurten ere. Urtez urte, talde ugari pasa dira eszenatoki honetatik, ezagunak batzuk, besteak ez hainbeste, talde berriak, urte asko daramaten artistak, bertakoak zein kanpotarrak. Aurten eskainitako 50 kontzertu baino gehiagotan munduko hainbat tokitatik etorri zaigu jendea Tolosako BONBERENEAra bisitan. Estilo eskaintza anitza biltzen du gure programazioak eta hori ere mimoz zaintzen dugu, musika zaleek ahalik eta eskaintzarik aberatsena izan dezaten.

Atzo jaioak ez garenez, bisitan datozen taldeetako askok ezagutzen dute aurretik BONBERENEA. Etxea lehenengoz zapaltzen duenik ere bada, noski, eta hauek beti azaltzen digute harridura eta miresmena, ez baitira asko horrelako proiektuak munduan. Gauzak gero eta hotzago eta inpertsonalago diren garai zail hauetan, BONBERENEAra bere musika eskaintzera datorrenak harrera ona jasotzen du beti, teknikoki ondo prestatuak baikaude eta batez ere, hau beraien etxea ere badelako, janari goxoa, lotarako lekua eta azken finean, babesa, eskaintzen dien etxea. Harrotasunez esan dezakegu bueltatzeko gogoz joaten direla BONBERENEAra lehenengoz etortzen direnak.

Zuzeneko musika eskaintzeaz gain, ezinbestekoa bihurtu zaigu etxeko musika estudioa ere, musika talde askoren grabazioak mimoz ekoizteko baliatzen duguna. Aurten BONBERENEAEKINTZAK zigiluarekin hainbat disko kaleratu ditugu,ARGAZKI BAT BEHELAINOAN “geldi gu,dena huts”, RODEO “X”,DENA “anabasa” ,LOSADO” a pesar de los silencios”,ANTI-REGIMEN “nortasun lapurtua”,ARIMA “ez dago amor” hauez gain estudioan 13 disko grabatuak izan dira.

23 urteko bidea osatu du zigiluak eta denbora tarte horretan 127 erreferentzia argitaratu dira. Baliabiderik ez zuten taldeei beraien musika grabatu eta argitaratu ahal izateko plataforma bezala ekin zion estudioak bere bideari, eta 23 urtetan estudio txiki batetik berrirako jauzia egin, eta egun sona handia duten talde ugariren oinarriak finkatzen lagundu duen egitasmoa izan da. Eta noski, horretan jarraitzea da helburua.

BONBERENEA TXARANGA ere, kasik nahi gabe, duela 22 urteko etxearen urteurren batean sortu zen festa egiteko aitzakiaz, eta lehen emanaldi hartatik gelditu gabe dabil. 6 disko grabatu dira etxeko estudioan, zuzeneko DVD bat eta 230 emanaldi baino gehiago eskaini dituzte Euskal Herriko hainbat txokotan, artista ezberdinekin elkarlanean, pailazoak direla, musikariak, eta baita elkarte eta hainbat talderekin ere. Urte guzti hauetan Txarangatik jende ezberdin asko pasa den arren, badute denek zeozer amankomunean: oso txikitatik txarangako kide zaharrenek trebatu dituztela gazteak. Filosofia honekin jarraituz txaranga autogestionatu bat lantzen jarraituko dugu, erronka berriei aurre egiteko asmoz.

Etxeko SKATE PARK-ak eta txapelketak ere 25 urte egin ditu eta festa bikain bat egin dugu hori ospatzeko earki pasa dugu eta bideo bat egin dugu txapelketaren ibilbidea jorratuz.ikusi!!

BONBERENEA LIVE SESSIONS grabatzen jarraitzen dugu eta aurten Sofa eta Argazki bat behelainoan taldeek parte artu dute.

BONBERENEAirratiak ere aurrera darrai. Etxeko estudioan ekoitzitako musikaren bozgorailu izaten jarraitzen du 28. urtemuga honetan.

Etengabeko bilakaeraren beste adibide bat gure tabernako eskaintzarena da. Urte askotan ohiko garagardoekin lan egin eta gero, azken urteetan etxeko garagardoa dastatu dute gurera datozenek, Bonbier “Olki” American Pale Ale, Bonbier “Liztor” Pilsen eta Bonbier“gandor”stout garagardoak izan dira gurean aukera. Hiru izen horiek ez dira ausaz aukeratuak, gure bi txakurren eta oilar baten omenez jarriak dira, etxeko zaindari eta lagun izan ditugunak. 2022 urtean Olki handia joan zitzaigun ordea,2024 Liztor txikiak eta 2025 Gandor oilarrak ere aurten utzi gaitu. Etxe honetatik pasatzen den orok uzten du hemen bere ondarea, bere arrastoa, eta etxea zaindu diguten bi zakurrek ere merezi dute oroimena. Zaudeten tokian zaudetela, Olko, Liztor, eta Gandor jakin gure bihotzetan eta barrako birratan bizirik jarraituko duzuela.

Halere dena ez dira notizia onak izango eta BADAUKAGU AURTEN ERE ZER ESKATU, ZER SALATU ETA BORROKATU.  Asko dira eskakizunak eta hobetu beharrekoak, baina aurten larritasun bereziz bizi izan duguna San Esteban gure auzoaren utzikeria egoera penagarria da.

Gehienek jakingo duzuenez, auzoak azken hamarkadetan atzera besterik ez du egin, enpresak itxi eta utzi egin dituzte, eraikinen egoera gero eta prekarioagoa da, eta baita inguruko urbanizazio eta txokoena. Auzotarrak utzikeria hori guztia pairatzen dugu eta nazka-nazka eginda gaude dagoeneko.

Gertakaririk larriena urria bukaeran izan dugu, Olur enpresa zenaren instalazioetan sutea piztu zenean. “Aparatoso incendio en un pabellón abandonado en Tolosa”, zioen El Diario Vasco-ko egun hartako titularrak, eta bete betean jo zuen, gure iritzian. ABANDONADO halaxe dago San Esteban, abandonatua, utzia, ahaztua!!

Olur-eko suteak suertez ez zuen ondorio larririk ekarri, baina gure ustez OSO LARRIA  da gertatutakoa. Oso larria da urteetan utzita dauden pabiloiak hutsik eta segurtasun berme guztiekin ez egotea, eta nahiko argi dago sute horrek, suhiltzaileen lanari esker izan ez balitz, ondorio lazgarriak izan zitzakeela, San Esteban-entzat eta Tolosa osoarentzat.

Baina ez da gertakari bakarra!! Bi bider atera baita aurten Ttorreko erreka bere bidetik: “Ttorreko errekak gainezka egin du San Esteban auzoan” zioen Atariak urtarrilaren 30an, ta ekainean ere noski, ekaineko eurite gogorretan Ttorre errekak ez zuen ura behar bezala jasotzeko gaitasunik izan, eta arazo handiak sortu zituen auzoan.

Uholdeak direla edo suteak, San Esteban auzoaren abandonu egoerak auzoa arriskutsu bilakatzen du, lehen ere zailtasun nabarmenak dituen auzoa izanik, bai sozialki bai ekonomikoki ere, arriskua gehitzea bakarrik falta zitzaigun auzoaren marginalizazioa handitzeko.

Baina lasai! Etorriko dira berriz Udaletik “prozesu partehartzaile”, kontu eta inork eskatu ez dituen ehundaka etxebizitza eta ekipamentu berrien promesarekin. Bizilagunek azken prozesuetan adierazi duten bezala, auzo duin bat nahi dute, besterik ez, eta nekatuta daude agindu eta promesa hutsalekin.

Jakin berri dugu Udala ari dela jadanik San Estebanentzako ekipamentu berri baten ideia lantzen, zer eta APARKALEKU ERAIKIN bat. Hamarkadak abandonu egoeran pasa ta gero, seguruenik San Estebango bizilagunek nahiko luketen lehen “hobekuntza” aparkaleku eraikin bat izango da, auzoan trafikoa handituko duena, airearen kalitatea gaiztotuko diguna eta arazoak soilik ekarriko dizkiguna. Pabiloi hutsak kendu beharrean, auzoa biziberritzen lagundu beharrean, bizi baldintzak okertuko dizkigun ekipamentu bat proposatzen digu Tolosako Udalak.

Badakigu horrelakoei erantzutea ez dela erraza izaten, baina gure aldetik prest gaude, beti egon garen bezela, auzoaren defentsan jarduteko, auzoaren alde borrokatzeko eta aurten aukeratu dugun leloak dioen bezela herriekin elkartasunean, ERRESISTENTZIA ETA JUSTIZIA SOZIALAREN ALDE EGITEKO!!!

Iaz genion bezala, lanean jarraituko dugu, etxea, ingurua eta auzoa zainduz, kultura eraikitzen, eta etxeko ateak zabalik egongo dira gure jardunean parte hartzera animatzen den ororentzat.

GORA BONBERENEA!

 

IZAN PIROMANO ETA ZABALDU SUA!

Informazio gehiagorako:

www.bonberenea.com

www.facebook.com/bonberenea.sutan

www.twitter.com/Bonberenea

www.instagram.com/bonbereneasutan

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies