16 MAY 2017

Napoka Iria taldearen azken kontzertua


Napoka Iria taldeak bere facebook-eko orriaren bitartez zuzeneko emanaldien amaiera publikatu dute. Azken ekitaldi bat emango dute Eibarko Coliseo Antzokian, uztailak 7an, 20.30tan. Ez galdu aukera, azkena izango baita.

Komunikatu ofiziala eskegitzen dugu hemen irakurri ahal dezazuen.


Kaixo guztioi,

Etenaldi luze honen ondoren Napoka Iria isiltzeko tenorea iritsi dela esatera gatoz. Ez da erraza izan erabakia hartzea. Argi ikusi dugu izan zenari ez diogula bortxaz tira egin nahi, halabeharrez jarraitu baino hobe baita aro batzuk amaitzea beste batzuei gogotsu ekiteko. Eta hori izango da datorren uztailaren 7an egingo duguna Eibarko Coliseo antzokian, gure azken kontzertua. Taldearen ibilbidean egon diren hainbat lagunekin batera agur beroa emango diogu Napoka Iriari. Gustatuko litzaiguke moduren batean edo bestean gurekin izan bazara etor zaitezela elkarrekin azken aldi batez gozatzera.

Esan bezala ez da erraza izan erabakia hartzea. Amaierek dakarten sentimendu askoren nahasmena izan dugu; tristura eta oinazea batetik, damuaren beldurra, baina baita asetasuna eta poztasuna ere. Eta behin erabakia hartu dugunean, lasaitua gorputzean, malkoak begietan eta irribarrea ahoan.

2005 urte inguru hartan hasi genuen ibilbidea, gitarra akustiko bat eta ahotsa, besterik behar ez genuenean, noski, ez autorik ezta lokalik ere! Edozein txoko zen baleko; parke erdi abandonatuak, ikasle garaietako pisuetako sukalde nimiñoak, hondartzara begira dauden balkoi naturalak, trenetako bagoiak, atzerriko kale iskinak, tabernetako kontzertu inprobisatuak… Zenbat bizipen, zenbat maitasun, zenbat gozamen. Ordutik asko aldatu dira kontuak eta gu geu ere asko aldatu gara.

Jende izugarria ezagutu dugu, leku izugarriak bisitatu ditugu, momentu izugarriak bizi izan ditugu eta lasai gaude, betiko lotuko gaituelako musikak sortzen duen zera zehaztezin horrek; beti hor dagoena eta egongo dena, sasoien eta denboraren joan etorrien begietara aldakor agian, baina bera, bere horretan, aldagaitz. Gu bion barrenean bederen, hala izango da.

Eskerrik asko horrela bizitzen lagundu diguzuen guztioi

* sarrerak datozen egunotan izango dira eskuragarri kutxasarrerak.net webgunean eta Coliseo Antzokiko leihatilan
** kartel eder hau Savanna estudioko lagunek egin dute.