Bonberenea 17 urte

Pausoz pauso autogestioan, gure etxea 1997tik… gaur arte.

Igaro berri den Azarotik martxan da dagoeneko Bonberenearen 17. urteurreneko egitaraua. Beste urte batez, agertu dira herrian zehar hauxe iragartzen duten kartelak. Beste urte batez, kartel hauek bete-beteak datoz era askotako emnaldiez. Kontzertuak, txapelketak, urtean zehar argitaratutako diskoen zerrenda etab. Azken finean, beste urte oparo bat itxiko du gaztetxeak datorren hilabetean. 17 urte dagoeneko, ez da gutxi.

Berrikuntza ugari egon da aurten ere, paradoxikoki berrikuntzak direlako etxe honen egunerokoa. Izan ere, aurten espazioak berak ere jasan du aldaketarik. Horrela, esan dezakegu adibidez, etxearen kanpoaldeak itxura berri bat duela, autoak eta furgonetak sartzen diren ate handitik eraikinaren sarreraraino doan bidea berritu baita, bere aurreko egoerak ematen zituen arazoak saieztuz (lokatza, putzuak, etab.). Bestalde, grabazio estudioaren eraikuntza eta itxuratzea amaitutzat eman daiteke urtean zehar egin den lanarekin, batez ere sabaiari dagokionez. Entsegu lokalari ere itxura berri bat eman zaio, bertako paretak margotu baitira. Ez dira gutxi izan beraz, pladur, adreilu eta margo tartean igarotako orduak. Mantentze-lanak, gainerako guztiak posible egiten dituztenak eta hauek bezain garrantzitsuak.

Bonberenea Ekintzak plataformaren emaria ere izugarria izan da aurten. Horren adibide dira aurtengo argitalpenak: Kashbad taldearen Arrakala, Gose-ren Gose & The Family zuzeneko DVD-a, Ladislao goierritarren Pantailak, Libe-ren Ihesaldi Handia, Petti-ren Astirtitan, Anger-en Sute perfektua, Anestesia-ren Zirkulutik espiralera eta Anai Arrebak-en Zorte ona opa dizut singlea. Hauetaz gain, badaude bi disko nabarmentzea gustatuko litzaizkigukenak. Alde batetik, Bonberenea Txaranga-ren Gaur ez da bihar, txaranga munduak eta musikarien artean zeresana emango duena orain artekoarekin apurtu eta biharkoari ekiteagatik. Estilo eta soinu berriekin dator oraingoan txaranga eta piromanoak horretaz harro gaude. Bestalde, Trebiñuko Argantzon Ikastolaren alde Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek Garratz eta Mingots musikarien laguntzarekin egindako Aupa Argantzon Ikastola! diskoa. Helburu bikoitzarekin egindakoa azken

hau: alde batetik, zailtasun ekonomikoak dituen Argantzon Ikastolari laguntza bat eskaintzeko eta bestalde, zailtasun hauek sortarazten dituen arrazoia aditzera emateko: hain zuzen ere Trebiñuk bizi duen egoera lotsagarria.

Urte gehienak bezala, 2014a ere luzea izan da eta egoera askok aldaketak jasan dituzte. Aipatu beharren gaude duela urtebete gaztetxearen etorkizunarekin lotuta dagoen egoera legalaren bermearen inguruko kontuak modu baikorragoan ikusten genituela. Joan den ekainetik hautsita daude Tolosako Udaleko ordezkariekin izandako harremanak. Hilabeteak besterik ez dira geratzen legealdia amaitzeko eta zalantza handiak ditugu gai honen inguruan.

Hala ere, piromanoen etxea aurrera doa eta esaten ari garen moduan, 17. urteurreneko egitarauan murgilduta gaude. Ez galdu gaztetxetik pasako diren taldeez gozatzeko aukera. Petti & Banda disko berriarekin (abenduak 12), OllieFlip Fest, hip hop arloko MC eta DJ ezberdinekin (abenduak 13), Bonberenea Txaranga disko berria aurkezten (abenduak 19), Gatibu bizkaitarrak (abenduak 26) edo Kashbad, burutu duten biraren azken kontzertuarekin (urtarrilak 3). Nabarmentzekotan, etxeko talde baten emanaldi berezia. Abenduaren 27an, Glaukoma arituko da Vol.2 diskoarekin egindako birako azken kontzertua eskainiz, berezia izango den gau batean. Urteurreneko egitaraua osoa ikusteko, begiratu kartelei edo sartu gure web orrialdean.

Besterik gabe, izan piromano eta zabaldu sua!

Informazio gehiagorako:

www.bonberenea.com

www.facebook.com/bonberenea.sutan

www.twitter.com/Bonberenea

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies