Bonberenea 19 urte

Bonberenea, 20 Urte Bizirik!

Urteak aurrerantz doaz etengabe. Adin nagusitasuna pasa genuen bezala, orain hamarkada bati ematen diogu agurra. Agurrak ez dira ordea zertan tristeak izan. Egin dezagun memoria apur bat. Tolosan bazen suhiltzaileen egoitza zahar eta utzi bat. Sabaiak erdizka eta pareta hotzez eraikia. Tartean, bazen Tolosan lanerako gogo bat, biltzeko gogo sutsu bat eta batez ere, iraganarekin hausteko nahia. Ez nola halakoa, izan ere, Tolosan egon izan zen lehenago gaztetxea, hitz horrekin identifikatuta eta ez zuen legitimazio sozialik inondik ere. Herriarentzako droga kontsumo zulo bat izanik, ezin zitzaion bere estatusari inongo iraultzarik eman. Horregatik honekin hautsi nahi izan zen. Horregatik ez genuen “gaztetxe” izen hori hartu. Ez genuen nahi inork pentsatzea hasieratik, berdina izan zenik. Guk geure bidea egin nahi genuen, estigmarik gabe. Honela okupatu zen suhiltzaileen egoitza zaharra. Honela jarri genion izen propioa gure etxeari. Honela, sortu genuen mugimendu berri bat eta izen horrenekin hazten eta hezten hasi ginen. Ez zuen gehiegi iraun. Negu haiek ez ziren izan Tolosan zegoen gauza hotz bakarra. Udala ere une horretan nahiko hotza zen. Kaleratze bat, kontzertuak kalean eta inoiz baino lanerako grina handiagoz, jaio berria zen Bonbereneak aurrera jarraitu zuen. Bigarren etxe bat egon zen, eta egun ezagutzen duzuena gure historiaren hirugarren eraikina da. Etxeaz hitz egingo behar bagenuke, Bonberenea da gure etxea. Beste urtebete bete dugu etxe honetan, gurea denean, gurea egin duguna. 20 urte pasa ditugu proiektu honetan lanean etengabe.

Etxe honek betiko dinamikarekin jarraitzen du, gaur kontzertuak eta bihar ere bai. Inguruan ez dagoen kultur dinamikaren bermatzaile gisara tokia topatu genuen eta asmo horrekin jarraitzen dugu aurrera gurean. Etxeak aldaketa konstanteak pairatzen ditu eta gure aldaketen isla paregabea suertatzen da. Aldaketak beti ematen dira eta pareta hauen barruan, aldaketak, zerbait berria esan nahi dute. Pasaden urtean eraiki genuen txabola berri hark, jada badu zeregina eta erabilera: Bertan serigrafia tailerra eraiki dugu eta bertan egiten diren kamiseta eta sudaderak jasotzeko leku bezala ere balio du. Honetarako serigrafia kurtso bat ere jaso genuen, beraz, berau antolatu ere egin behar izan zen. Honetaz gain, kolorez egin behar da kultura eta kolorez pintatzen ditugu gure paretak. Zentzu honetan, urteroko legez, NEOR artista tolosarrak bereak egin ditu berriz. Udazkena negu bilakatzen hasten den unean, eguraldi grisa kolorezko graffity-ez tindatu. Etxeko ikasketa prozesua ere etengabean mantentzen da. Gauza ezberdinak ikasteko aukera dago hemen beti bezala: Musika tresna bat, soinu edo argi teknikari lana, sukaldaritza… ikastaro ezberdinak edonoren eskura.

Etxeko oholtzak sutan jarrai dezan ere lan asko egin da hainbat esparrutan. Hemen gertatzen den guztirako lan zentrala baita eta lan hau guk egiten dugu, maitasun izugarriz. Oholtza honetan, urtero bezala, talde ezberdinak pasa dira: ezagunak, berriak, ez hain ezagunak, betikoak… estilo ezberdinez bustiak zentzumen eta gustu ezberdin guztiei ahal den neurrian, eskaintza aberatsena eskaintzeko. Zifrak esleitzen hasiak, 70 kontzertutik gora egin dira urtearen zehar. Euskal Herriko, Estatuko eta munduko hainbat tokitako jendea izan dugu etxean, Bonberenea estudioak bere lanarekin jarraitu du noski eta aurtengo urtean 9 disko grabatu ditu. Bonberenea Txarangak, urtean zehar jotzeko aukera izango du, beti bezala kaleak girotzen.

Bonberenea Irratiak beste urte betez martxan da etxean bertan ekoiztutako musika eskaintzen. Gainera Kixkali Berriak saioak 12 programa egin ditu. Elkarrizketa saio honek Francis Díez, Gregorio Galvez, Marino Goñi, Iñaki Altolagirre, Sergio Picón eta beste hainbat gonbidatu paregabe izan ditu. Bonberenea Ekintzak da etxe honen zigilua. Autogestionatutako kultura plataforma eta eragilea. Aurten ere, ez gara geldik egon zentzu horretan. 7 dira guztira gehitzen diren erreferentziak: Bonberenea Txaranga – Berriozar (10” EP-CD), Bonberenea – Aspalditik gatoz urrutira goaz(2CD), Sofa – II(LP-CD), Glaukoma – Kalima(CD-2LP), Libe- Ilargia Erori Da(Maxi-CD), Bi Bala – Arazo Modernoak(CD) eta Bonberenea – 20 Urte Bizirik(Liburua). Hamarkada bati amaiera emateko, eta datorrena hasteko, Bonberenea – 20 Urte Bizirik liburua idatzi dugu. Etxe honen historia iruditan ikusi ahal izateko. Proiektu garrantzitsua izan da guretzako eta hemen egiten den guztiaren erakusle bilakatzea nahi izan dugu. Testigantza hau eraikitzen urtearen tarte handi bat pasa dugu, izan ere, kontatu nahi dugun historiaren testua eraikitzeaz gain, guztiaren inguruan argazkiak topatu, antolatu eta datak topatu behar izan ditugu. Bestalde, Bonberenea Txarangaren azken disko kaleratu zen 2017-ko inauterietarako, betiko abestien birmoldaketa sorta, ikuspegi berri bat. Bonberenea – Aspalditik gatoz urrutira goaz bildumak berriz, etxearen historia erakutsi nahi du ere, baina beste formatu batean, abestiak oinarritzat hartuta. Bertan 22 talderen abestiak topatu ditzakegu, talde guztiak etxeko kide, partaide edo lagun direlarik. Sofa taldea izan da agian aurtengo lanik kuttunena, kostaldeko gazte hauen musika instrumentalarekin lan egiteko lehen aukera izan da guretzat eta modu honetara, gure lana jarri dugu beste askok ere ezagutu dezaten. Tartean ditugu Libe eta Bi Bala taldeak, zeinak jada beraien oinarria sendotua duten, ibilbideari jarraitzeko lan berriak egin dituzten.

Amaitzeko, gure posizioa eta lekua etengabe defendatuko dugula argi utzi nahi dugu. 20 urte dira jada hemen gaudela gure lana egiten: kultura indartzen eta eskuragarri bilakatzen, bai publikoarentzako, bai hasten diren taldeentzako. Ulertzen dugu hori dela gure eginbeharra, gure lana eta legitimizatzen gaituen hura. Honegatik, Bonberenea, aurten, bi hamarkadako zamalana gainean harturik, inoiz baino legitimoagoa da.

Besterik gabe, guk hemen jarraituko dugu. Zuk nahi baduzu animatu zaitez parte hartzera!

IZAN PIROMANO ETA ZABALDU SUA!

Informazio gehiagorako:

www.bonberenea.com

www.facebook.com/bonberenea.sutan

www.twitter.com/Bonberenea

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies