Tolosa Kantari (DVD)
Tolosa Kantari, duela hiru urte eta erdi martxan jarritako ekimen bat da, hilabetero gure herriko kaleak kantuz apaintzen dituena. Euskaraz eta irekia, edonor batu bait daiteke hilabete bakoitzeko azken larunbatean burutzen den topaketa honetara.
Honen harira, Bonberenea Ekintzak zigiluak kaleratu berri duen proiektua: Tolosa Kantari DVDa. Bertan, aipatutako hileroko hitzordu bat nolakoa den ikusteko eta gozatzeko aukera eskaintzen duten 12 kantu eta erreportai bat aurkitu daitezke. Kantuak, 2011ko azaroaren 26an izan ziren grabatuak Tolosako Kaleetan zehar. Bonberenea gaztetxearen parte hartzearekin, DVD honek azkenaldian Tolosan eta Tolosatik kanpo ikusmira eta miresmena sortarazten dituen ekitaldi herrikoi eta ireki baten nondik norakoak jasotzen ditu. Lagunekin, familiarekin edo bakarrik gozatu ahal izateko. Hori bai, ez hutsik egin hileroko hitzordura!
Pirritx, Porrotx eta Marimotots & Bonberenea Txaranga
ERRONKA. Bonberenearen ibilbidea hitz batean laburbildu beharko bagenu, hauxe da aukeratuko genukeen hitza. Baita Bonberenea Txarangarena ere, bere jaiotza berberetik erronkaz jositako ibilbidea burutu duen txaranga.
Baina erronka guztien artean, ezbairik gabe txarangaren hirugarren diska hau izan da handiena, Tolosako gaztetxeak eta Euskal Herriko pailazo ospetsuenek orain arte batera egindako ibilbidea islatzen duena. Izan ere, 2002an hasitako ibilbide honek berak era natural batean eskatu du denboraren poderioz horrelako proiektu bati aurre egitea, orain arte Pirritx, Porrotx eta Marimotots gaztetxera gerturatu dituen helburu amankomunen ibilbidea islatuko duen proiektua. 11 abesti eta 12 ipuintxoz osatutako diska honetan, txarangak urte hauetan zehar egindako lagun askok hartu dute parte, besteak beste, Aiora Renteria (Zea Mays), Aitor Gorosabel (Su ta Gar), Ines Osinaga (Gose), Francis Díez (Doctor Deseo), Oreka Tx, Agustin Mujika (Takolo) etab. Hauetaz gain, Tolosaldeko zenbait artistek ere kolaboratu dute. Pirritx, Porrotx eta Marimotots-en kanta ospetsuenak “Bonberenea erara” izan dira prestatuak, Txarangaren hotsa pailazoen ahots eta letrekin nahastuz. Bere osotasunean Bonberenean ekoiztutako diska da, aurreneko bonbo, kaxa eta txindatetatik hasita “Bonberenea” abestiaren bideokliperaino. Izan ere, diskarekin batera elementu ezberdinez osatutako DVD bat dator kartoizko kutxa elegantearen barnean. Pare bat aipatzekotan, “Pirritx eta Porrotx gaztetxean” izena duen dokumentala eta arestian aipatutako bideoklipa. On egin.
Eneko Barberena eta Mikel Oceja. “Martin Larralde”.
Eneko Barberena eta Mikel Oceja ameslariak badira ere, Martin Larralde “Bordaxuri”-ren patutik –galeratan usteltzea- aldentzeko eta beraien buruak defendatzeko, batek Zuzenbidea ikasi zuen eta bestea Arabako herri txiki batera bizitzera joan zen. Eskerrak! Enekok oso gaztetxotatik –ezin txikitatik esan- bizitzari arretaz begiratzen zion eta ironia eta kritika batuta idazten hasi zen. Hala, honakoa orain arte argitaratu duen hirugarren liburua da.
Behatzaile aparta da Barberena eta Rubalcabaren luparen beste muturrean, txikienean, badaki gauzei eta gertaerei bere tokia eta zergaitia ezbaian jartzen, baita bere buruari ere. Arrazoi osoz bi egileak ez dira kazetarietaz fijo, eta batak idatziz zein besteak ilustrazioak eginez, bizi izandakoaren zati bat jaso dute, inork kontatuko ez duelako, edo are okerrago, “irabazleen” bertsioa bakartzat eta egiazkotzat har ez dezagun. Modu honetan, gainera, desagertuta dagoen koplakarien papera errebindikatu dute. Hala, lan honetako testuetako batzuk, egileak bezala, Arrasaten kokatuta badaude ere, sentimendutik idatzita daudenez, edonon ulertuak izan daitezke. 2008an idatzi zituen testu gehienak Enekok, baina koplakari irteeratan aurkitutako bide-lapurren erruz, proiektua handitu eta CDa ere gehitu zaio liburuari, hamaika musikarik liburuko beste horrenbeste testu musikatu dituztelako. Mikelek eta Enekok urte asko daramatzate euskal musikarien lanak gozatzen eta arakatzen; eta orain buelta etorri zaie. Josu Eskorbutok ezingo luke dagoeneko lan honetan parte hartu, baina nahiz eta egileak ez diren espreski 80ko hamarkadako punkaren jarraitzaile sutsu izan, barku honetara igo diren musikari eta lemazain guztiak bezala, santurtziarra gai izan zen unean uneko bere inguruko gertaerak sentitu bezala erakusten eta hurrengo belaunaldietarako hala gordetzen. Horra hor, Hiru Zikinen folk ilun zein malenkonikoa; Bihotz Bakartien Klubaren folk eta countryaren arteko talka; Ain_1en folk gaurkotua; Pirritx, Porrotx eta Bonberenea Txarangaren adin guztietako umeendako kanta; Basskeren hip-hop eta drum&bassa; Pettiren barne ilun sentikorra; Xabi Strubellen errezitatua; Goseren elektro, rock eta trikiaren arteko ezinezko muga; F-21en crossover hip-hopa; eta Enaitz Alustiza eta Manex Agirreren bertso, kopla eta kantuak. Iker Barandiaran. Kontaktua: zabalaundi@gmail.com
Zea Mays “Era”
Bonberenea Ekintzak zigiluak Zea Maysek CDa kaleratu zuen 2010. urtean, “Era”. Diska honen grabaketa Mungian burutu zen, Lamiña estudioetan. Zea Mays talde bizkaitarraren seigarren diska da jada, KD formatuan.
EDERTASUNA JOSTEKO ERA Zarata handirik atera gabe hasi ziren gure belarriak laztantzen, eta halaxe joan dira apurka-apurka, kontzerturik kontzertu, diskarik diska, lilura iragankorrei ihes eginez beti, eraikin sendoenak eraikitzen diren ERAn eraikiz beren lana. Sendotasun horretan zerikusia du Aioraren ahots indartsu eta sarkorrak, sekulako lagun-musikari hirukote sendoak lagunduta. Hariok josiz sortu duten lana ederra izan behar, ezinbestez ia. Zentzu horretan Zea Mayesen lan hau musikari lagun koadrila on baten gaitasunaren erakusle dugu. Denborak gauzak bere lekuan jartzen dituela esaten da, eta gure belarrien mesederako, horixe izan da ZEA MAYSekin egin duena. Zaila da seigarren lana aurkezten duen talde bati buruz ezer berririk aipatzea baina, talde handiak, harritzeko eta hunkitzeko ahalmena galtzen ez dutelako dira handiak, besteak beste. Horrelakoxe kasu bati buruz ari naiz zalantza izpirik gabe. ERA, melodia, indarra eta emozioen uztarketa ezin hobea da. Oraingo honetan kantu zuzenen aldeko apustua egin du taldeak. Aurreko lanetan eraikitzen zituzten garapen harmoniko eta biziei muzinik egin gabe, kantu zuzenak aukeratu dituzte langai, ekaitzaren erdian lurra jotzen duen tximistaren eragingarritasunarekin. Emaitzak ezohiko freskotasuna du. Urteak errepidean daramatzan lan talde baten jakinduria eta hasi berriaren irekidura uztartuz osatutako “Cocktail” erakargarria da Zea Maysen hau. Ñabardurez josita dago ERA. Aioraren joko melodiko zirraragarriak ”Zure pozoidura jarraibideak”, zaplazteko gozo eta zuzenak “Nire huts gorena”, stonersoundaren kabartasuna “Isolatutako uhartean” edo atmosfera industrialak “Gorputz pentsamendu huts”, Kasabian, Strokes edo Interpol bezalako taldeen zantzuak eta zuk zeuk, entzule hori, topatuko duzun beste hamaika detaile fin eta landu dago lan honetan. Adibidez, teklatuak aurreko lanetan baino nabarmenagoak dira, atmosfera ezberdinak sortzeko behar besteko laguntza emanez. Zeregin honetan Raul Lomas (Doctor Deseo), Aritz Aranburu (Split77) eta Izkandar Rementeria (Split77) izan dituzte lagun. Labur esanda, hamabi abesti borobilez osoturiko ohiala da hau, bere barruan “Negua joan da ta” bezalako harribitxiak brodaturik dakartzana. Melodia itsaskorrak, giro inguratzaileak, indarra, emozioa eta etengabeko bilaketa estetikoa osagai dituen jantzi ederra sortu zaio ZEA MAYS-i. Zalantzarik gabe, sekretua ERA-n dago. Harremanetarako: info@zea-mays.com , www.zea-mays.com , www.myspace.com/zeamaysrock , www.bonberenea.com
Zea Mays “Morphina”
Zea Mays talde Bilbotarrak bere azken lana aurkeztu zuen 2007ko Azaroak 22 Ostegunean Bilboko fnacc-en goizeko 12:00tan.
Lan berri hau Jose Lastra-ren eskutik grabatu dute Lamiña Producciones estudioan eta KD eta DVD bat biltzen ditu, 13 kantu berri eta 2005ean Bilboko kafe antzokian emandako zuzenekoarekin, beste zenbait irudirekin batera.
Estilo eta doinu berrietatik edanda ere, Zea Maysen nortasun agiria nahiko errotuta dago. Oinarri erritmiko apartan egituratuta, kitarra indartsuekin aberasten da. Eta guztiari, edertasuna ematen dio ahotsak. Zelofanaren modura. Bilboko laukotearen musika proposamena opari ederra da musikazaleentzat, Zea Maysen disko berri bakoitza bezala. Hitzekin azal ezin daitekeen kimikari dagokionez, aurreko diskoan taldeak goia jo zuen. Eta maila horri berari eusteko lana gogotik egin dute Morphina diskoan. Sakona, korapiloz betea dator. Bihurgune musikal asko ditu, ezezaguna den bidean bezala, adi adi egon behar du entzuleak. Eta bigarren edo hirugarren itzulian, korapiloak askatzen dira. Argia heltzen da. Diskoa ulertzen duzun une horretan bertan, diskoa bereganatu duzun une horretan bertan… errotik harrapatzen zaitu. Eta horixe da disko on baten sekretua. Denbora eta atentzioa eman eta gero, gozamena minutu luzez jasotzen duzula trukean. Hamabi kantu biltzen ditu Bonberenea Ekintzak zigilupean ateratako diskoak eta edizio berean luxuzko oparia: taldea hobeto ezagutzeko baliagarri den DVDa. Bilboko Kafe Antzokian eskainitako zuzenekoa eta hainbat extra ere. Euskaraz gain, ingelesa darabilte bi kantutan. Azken parrafo honetako lerro hauek agerikoak dira, kazetariek ziurrenik gehien baliatuko duten informazioa. Esan gabe doana garrantzitsuagoa da: taldeak musikalki muturrera joateko duen kuraia, hitzekin giro sentibera sortzeko duen doaina. Eta zinema aretoan gertatu ohi bezala bezala, entzulea mundutik at sentiarazteko trebetasuna. Zea Maysen jarraitzaileek ulertu dute. Lorpenik nagusiena aspaldi lortu baitu laukoteak: zaletuen aldetik maitatuak izatea. Hori da saririk handiena. Bihotzarekin, barne-barnetik sortzen den mirespena. Harremanetarako: info@zea-mays.com , www.zea-mays.com , www.myspace.com/zeamaysrock , www.bonberenea.com
Yakuzi “Ausardiaren garaia”
Bonberenea Ekintzakek 2010. urtean Yakuziren diska berria kaleratu zuen, Ausardiaren Garaia izenekoa. Bizkaitarren diska berria KD formatuan kaleratuko da. Diska hau Bonberenean grabatu zen, Karlos Osinagaren eskutik.
Yakuzi Sal taldeaen ibilerarekin eratu zen, 1998ko bukaeran. Gustavo Gallegok jarri zuen taldea martxan, proiektu berri bat eratzeko asmoarekin. Hasieran Gustavo zen taldeko bakarra, baina Sal taldeko kideak ere bazituen (Anartz Onandia- bateria- eta Aitor Monje-kitarra-) Gustavo ahotsak eta programazioak bere menpe zituelarik. Hiru hauek hiru demo argitaratuko dituzte: -“Yakuzi” (1999ko Urria) -“My world is empty without you” (2000ko Azaroa) -“Herri txikiak, infernu handiak” (2001eko Uztaila) Demo hauek kritika ezinhobeak jasoko dituzte, eta demo hauekin PauseMusic zigiluaren atentzioa deituko dute. Gauzak horrela, Almeriako zigilu honekin diska bat argitaratuko dute, beraien lehena. “Yakuzi” diska 2001eko Abenduan izan zen grabatua, Anartz, Gus eta Aitor taldean direlarik. Mini-kd hau (5 kantu, 33 minutu) kritika oso onak jasoko ditu, baina denbora asko iraungo du diska argitaratzeak. Argitaratze hau 2003ko Apirilean gertatzen da eta ordurako Yakuzik zuzenean joko du, Kimetz Zenitagoiaren (kitarra, koroak) eta Iker Asenjoren (flauta, kitarra) gehitzearekin. Urte berean beraien bigarren diska argitaratuko dute “Ibai lehorrean itota” izenekoa eta 12 kantuz dago osatua. Urte berean Iker Eskoziara joango da ikastera, eta Gorka Molero sartuko da taldea kitarrajole moduan. 2008 urtea. Yakuzik bere hirugarren diska argitaratuko du. Hot Balneario izeneko diska izango da emaitza Factoria Autor zigilu madrildarrak diska argitaratzen lagunduko die Bizkaitar hauei. Diskak arrakasta izango du musika instrumentalaren arloan, bai estatuan baita Euskal Herrian ere, eta kritika ezinhobeak jasoko ditu. Yakuzik 2010 urtean argitaratu du Bonberenea Ekintzakekin batera, laugarrena. Diska berriak Ausardiaren Garaia du izena, eta diskak 8 kantu ditu, eta bederatzigarren kantu bat ere izango du, hau remix moduan, musika instrumental eta anbientalez hornitutako 50 minututan. Beraien esku joan da diseinuaren arloa, eta Karlos Osinagaren eskutik dago grabatua zein masterizatua, Bonbereneako estudioetan. Diskak hainbat laguntzailerekin kontatu du, besteak beste, Ibon “Topo” Bilbao, Ama Sayko kide, Dj Amsia edota Ibon Rodriguez, Eten taldeko paretaide dena. Azken finean, iritsi da benetako AUSARDIAREN GARAIA. Harremanetarako: www.myspace.com/yakuzinet www.yakuzi.net
Umama2
Juantxo Zeberio Etxetxipia-k Umama proiektuaren bigarren lana, Umama2, aurkeztuko du 2007ko Azaroaren 19an asteazkena goizeko 11:00etan, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean.
Proiektu berri honetan
HODEIERTZ abesbatza & ENRIQUE AZURZA,
Mikel Andueza sax, Hasier Oleaga drum eta Gonzalo Tejada
bass-ek hamaika kantu grabatu dituzte. Diska honetan Imanol Larzabal abeslari euskadunaren kantuak aurki daitezke han eta hemengo kantu herrikoiekin
batera.
Lan hau, 2003. urtean UMAMA!! (ELKAR) diskoaren grabaketarekin abiaturiko proiektuaren jarraipena da. Hura, zuzeneko emanaldi baten ondorioz sortua izan zen. Honako hau berriz, urte hauetan presarik gabe, patxadaz, beste lan eta proiektuen artetik ateratako denbora pusketan goxoki prestaturiko lana izan da. Imanol Larzabal “Imanol“ euskal kantari handiaren kantuak, herrikoiak, hemengoak edo hangoak, eta konposaketa berriak ere sartu ditugu oraingo honetan, kantu guztietan jazz laukotea eta abesbatzaren arteko elkarrizketa naturala bilatuz eta sonoritate desberdinak arakatuz. Baina ederrena bidea izan da. Enriquerekin eta Hodeiertz abesbatzarekin, isilean, etxean, Tolosan eginiko prestakuntza lanetan, kontzertuetan, Gonzalo, Mikel eta Hasier berriro ere bidelagun, eta hauen musikaz eta adiskidetasunaz gozatu ahal izatean.. Ez dadila azkena izan!Juantxo Zeberio Etxetxipia-k Umama proiektuaren bigarren lana, Umama2, aurkeztuko du Azaroaren 19an asteazkena goizeko 11:00etan, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Proiektu berri honetan HODEIERTZ abesbatza & ENRIQUE AZURZA, Mikel Andueza sax, Hasier Oleaga drum eta Gonzalo Tejada bass-ek hamaika kantu grabatu dituzte. Diska honetan Imanol Larzabal abeslari euskadunaren kantuak aurki daitezke han eta hemengo kantu herrikoiekin batera.
Tanta
Talde honen atzean hainbat izen aurkitzen dira, Joxi, Patxi, Mantxi (Tolosako Bonberenea etxearen ingurukoak hirurak), Roge (Azkoitiako Matadeixen ibilia) Xabi Erkizia eta Maikel (Bera), Txesus (Buenavista) eta Karlos eta Javi (Irun). Modu berean aipa genitzake izen horien atzean diren aurreko hainbat talde eta egitasmo (Bukaera, Anima Vili, Batzuk, Gutariko Bat, Lisabö, Akauzazte, Tzesne) eta argi ikus daiteke oso bide ezberdinak jarraitu dituztela oraino hor agertzen diren izenak. Disko handia dago bost kantu eta bideoa biltzen duen honetan, Tanta batek ezin ei du egarri dena ase, bada jakin okerra dela ezeztapen hori, ahal du eta”.
Lan hau 2003 urtean kaleratu zan.
Bonberenea Ekintzak, Tolosako Bonbernea etxe barruan txertaturik dauden proiektu diskografiko eta editorilei bidea emateko egitasmo bat da. Orain dela bi urte, etxearen dinamika eta itsatsirik genituen ilusio eta asmoen ispilu bezala, OZTOPO GUZTIEN GAINETIK BONBERENEA CD bilduma kaleratu genuen. Oraingo honetan, Tolosako Tanta taldearen cd berria aurkeztu nahi dizuegu. Sei abestiz eta bideo batez osatutako lan hau, 2003ko urte hasieran bonbereneako estudioan grabatua izan zen. “Tantaren kantuei, entzuteko lehen aukera izan nuen hartan, gordina eta lehorra iritis nien. Kantuak, sendoak, oinarri erritmiko pisukoak eta melodiak ebakitzear zituzten hatos eta gitarradunak irudi zitzaizkidan. Hurrengo entzunaldietan ere modu bertsuan entzuten nituen Tolosako Bonberenea etxean Karlos Osinaga eta Maikel-ek grabatu eta nahastu dituzten bost kantuak. Entzunaren entzunaz, kantuak ezagutzearekin batera eta behin azken nahasketok entzutearekin, gordintasuna artean aitortzen badiet ere, ez zaizkit lehorrak iruditzen. Alta, freskoak (ez dakit hau musikari dagokion adjetiboa den), biziak, beteak, osoak iruditzen zaizkit, hala entzuten ditut. Haziz doaz kantuak minutuak eta entzunaldiak egin ahala. Talde honen atzean hainbat izen aukitzen dira, Joxi, Patxi, Mantis (Tolosako Bonberenea etxearen ingurukoak hirurak), Roge (Azkoitiko matadeixen ibilia), Xabi Erkizia eta Maikel (Bera), Txesus (Buenawista), Karlos eta Javi (Irun). Zertara datorren hau? Bada aipatzera tolosan gertatu bada ere, badela nolabaiteko elkarlan bat etxe eta gune horiek gabe izango ez zena. Modu berean aipa genitzake izen horien atzean diren aurreko hainbat talde eta egitasmo (Bukaera, Anima Vili, Batzuk, Gutariko bat, Lisabö, Akauzazte, Tzesne) eta argi ikusi daiteke oso bide ezberdinak jarraitu dituztela orain hor agertzen diren izenak, edo ez? Ez ote ziren hain urrutikoak? Tantak ederki biltzen du izen horien batuketa, modu ireki batean ez literalean, ederki indarra, bilatze gura, ekaitza eta barearen arteko pasabideak… Baina entzulearen onerako, hau egitean ez du kantua bistatik galtzen, ematen duen urrats bakoitza esku artean duen abestiaren alde ematen du. Nire ustetan diska handia dago bost kantu eta bideo bat biltzen dituen honetan, Tanta batek ezin ei du egarria dena ase, bada jakin okerra dela ezeztapen hori, ahal du eta”.
Sputnik 11
Sputnik11 da Bonberenea Ekintzakek aterako duen azkeneko diska. Diska hau Izaskun auzoko festetako aterako da, eta tolosako talde batzuen kantak biltzen ditu. Gainera, diska hau Imanol Urizar eta Mikel Zelaiaren gidaritzapean grabatua izan da Bonberenean.
Sputnik(1): Historiako aurreneko satelite artifizialaren izena. 1957an Sobietar Batasunak jarri zuen lurraren inguruan orbitatzen. Sputnik(2): Tolosako Izaskun auzoko bost dorreei ezarritako izena. Herriko eraikin altuenak. Sputnik 11: Tolosako Bonberenea inguruko orbitan dabiltzan lau taldek (Switch, Indekitxen, Glaukoma Sound System eta Dolce Tangana) martxan jarritako proiektua. Grabaketa munduan esperientziarik gabeko lau talde tolosar hauen indarrak batzearen emaitza da 8 abestiz osatuta dagoen bilduma hau. Ska, reggae, heavy metal eta rock doinuz beteta dagoen diska honetan, partaide bakoitzak bi abesti izango ditu bere proposamen musikala plazaratzeko, bi jaurtiketa bere satelitea espazio zabalera ateratzeko. Bonberenea eta Otsabi Auzo Elkartearen laguntza paregabearekin izan da posible Sputnik 11 orbitan jartzea, hala nola honen aurkezpenerako zuzeneko emanaldiak antolatzea (2011ko uztailak 23 Bonberenean eta Irailak 2 Tolosako Sputnik-en plazan, Izaskun Auzoko Festetan) . Lehenengo Sputnik sobietarra bigarren Mundu Gerra osteko lasterketa espazialean erreferente bat bihurtu zen moduan, Sputnik 11 musika arloko erreferente bilakatzea da proiektu honen helburua, bai aipatutako lau taldeei bultzada bat emateko, bai etorkizunean etor daitezkeenei aukera bat eskaini ahal izateko. Denok zaudete gonbidatuta satelite honen jaurtiketara. Bost, lau, hiru, bi, bat…




