BONBERENEA 14 URTE. HAINBAT OSPAKIZUN, GAITZENA EGINKIZUN.
Dagoeneko 14 dira Bonberenearen ibilbideak bete dituen urteak. 14 aurreneko okupazio hartatik. 14 urte erreibindikatzen. 14 autogestioa garatzen.
Aurten, aurreko urtetan ez bezala, azaroan eta ez abenduan hasiko dira Bonberenearen urteurrenarekin erlazionatutako jarduerak. Izan ere, hamalaugarren urteurrena betetzeko aukera hutsa ospakizunerako aitzaki nahikoa da. Horregatik, aurtengo Bonberenearen urteurreneko agenda inoiz baino beteagoa dator, inoiz baino osatuagoa.
Ospakizunerako beste hainbat aitzakiren artean, Tolosak azken aldi honetan bizitako aldaketak nabarmenduko genituzke, horien artean argiena izanik Udalak jasan duena, Bilduren etorrera, alegia.
Azken gertakizun honek eta Tolosako historian proiektu urbanistiko handiena izango zenaren gelditzeak (Bonberenearen etorkizuna zuzenean mehatxupean jartzen zuen San Esteban-Laskorain Goikoa delakoa) ikusmira eta esperantza izpi bat piztu du kolektiboa osatzen dugunongan, nahiz eta oraindik buruhauste eta zalantza asko argitzeke ditugun.
Udalak San Esteban auzoarekiko eta Bonberenearekiko dituen intentzioak ezezagunak dira guretzat. Honen eraginpean, bai etorkizuneko eta baita egunerokotasunean burutu beharreko jardueretan ziurgabetasuna eta zalantzak nabariak dira oraindik.
Horregatik, gure uste apalean, duela hilabete gutxi hasi zen legealdi berri honek, ziklo politiko berri honek izan behar du balizkoa Bonberenearen etorkizun egonkor baten oinarriak ezartzeko, Bonberenea behin betiko kontsolidazioa lortzeko, momentuan Udalean dagoen joera politikoaren eraginetik at.
Hau guztiagatik, 2007an, Udala beste indar politiko baten menpe zegoenean hasitako Bonberenea Sutan kanpainari jarraipena emango diogu, Bonberenea behin betiko dagoen lekuan geratzea aldarrikatuz.




