Gustoko tokian…Aldaparik EZ!

Bonbereneak, Tolosako Udalak San Estebango auzoko hirigintza proiektuarekin desadostasuna adierazi nahi du. Bonberenea errespetatzen ez duen hirigintza proiektu bat garatzearen aurka agertzen gera eta etxea oraingo tokian mantentzea defendatzen dugu hurrengo arrazoiengatik:

1.- Zonalderako Udalak aukeratutako hirigintza eredua (dentsitate handiko eraikinak, gune berdeen falta, landa-lurzorutik lurzoru-urbanizatura aldaketa gogorra…) ez dator bat Bonbereneak defendatzen duen etxebizitza eredu sozial batekin. Tolosak harrotasunez erakusten duen hiri berde eta iraunkor baten ereduak ez luke baliorik izango, beste gauza askoren artean trafikoaren handitze nabarmena eta hiri eta mendiaren arteko iragapen egoki bat sortzeko ezintasuna ekarriko lukeen dentsitate altuko zonalde bat eraikiko balitz

2.- Udalak erakutsitako prestasun eskasa Bonbereneako etxearen egoera argitzeko garaian. Bonberenearekiko ardurak hartzeko orduan udalbatzak duen pasibotasuna argi geratu da taldeari erakutsitako jarreran, gaur egun ez baitaki orain arte egindako lan guztiak zein etorkizun izango duen. Kulturak horrenbesteko balioa duen herri honetan Bonbereneako etxearen errausketak lekarkeen galera kulturala kalkulaezina litzateke bai Tolosan, bai Euskal Herrian.

3.- Hirigintza proiektuan funtsezkoa behar lukeen herritarren partehartzea, bigarren maila batera zokoratua izan da udalaren eskutik. Udalak ez ditu kontuan izan Bonbereneako ekintzen garapenean era aktibo batean parte hartzen duten Tolosako herritar eta taldeko kideak, urte mordo bateko lana ezerezean utz dezakeen proiektu bat baloratzeko. Gaur egun, okupatutako eta autogestionatutako Bonberenea da Tolosako gazteriak era guztiz boluntario batean modu ezberdinetako jarduerak gauzatzeko duen gunerik garrantzitsuena. Horretaz gain, musika, diseinu grafikoa eta bideogintza bezelako alorretan trebatzeko aukera dago, Bonberenea formakuntza eskola bat bilakatuz.

4. San Estebango eta Tolosako beste hainbat auzotako bizilagunek orokorrean, Bonberenearen planteamenduari babes trinkoa erakutsi diote taldeak antolatutako kalejiren eta firma-bilketa garrantzitsu baten bidez (edonor batu daiteke web helbide honetan: www.bonberenea.com). Bonberenearentzat pentsaezina da eraikin berri baten ideia, etxeak berak azken urteetan izandako garapena dela eta taldearekin sortutako lotura estuagatik eta San Esteban auzoan duen garrantziagatik. Ez du merezi horrenbeste izerdi, buruhauste eta gogo isuri diren gustoko toki bat uzteak.

Bonbereneako etxearen etorkizunaren inguruan Udalak erakutsi duen gardentasun faltak, galera kultural latza suposa dezakeen ziurgabetasun eta zalantzak eragin ditu taldearengan. Bonbereneako eraikinaren errausketa berehalakoa ez bada ere, gazteek argi eta garbi utzi nahi dute Jokin Bildarratz buru duen Tolosako Udalak ez badu denbora epe labur batean haiekiko ardurarik hartzen, ondorioak gaindiezinak izan daitezkeela.

Hau guztiagatik, Bonbereneak eraikinaren errausketaren aurrean duen jarrera publiko egin dezala galdatzen dio Udalari.

Bonberenea Sutan, 2011ko Martxoaren 2a

KULTUR SORTZAILEA

Azaroan prentsa bidez jakin zen moduan, Tolosako udalak San Esteban-Laskorain Goikoa proiektua abiarazteko agindua eman zuen. Proiektu hau Tolosak bizi izan duen proiektu urbanistikorik handiena izango litzake. Orduan, gobernu batzordeak ingineritza eta arkitektura enpresa batzuei eman zien proiektu honen esleipena. San Esteban auzoaren hainbat eraikuntzen eraisketa planteatzen da, baita trenbideen lurperaketa ere, proiektu handizale hau aurrera eramateko asmoarekin.

Agian, herriko zabalkunde natural baten barruan, zonalde honetarako plan berezi bat beharrezkoa izan daiteke. Bertan alokairuzko etxebizitza sozialak eraiki beharko lirateke, beste azpiegitura publiko batzuen artean. Orain dauden eremu berdeak zonaldeko hirigintzan egokitu, lur-zoru deprimituak birlortu eta gutxi erabilitako edo azpi-eraikuntzan dauden espazioak ere berreskuratu, tolosarren erabilerarako.

Hau ez da auzo honen 16. zenbakian dauden 2800m2-en egoera. Hau da Tolosan momentu hontan bizitza gehien duen eraikina, eta herriko ezagunena bere lur eremutik kanpo, norbaiti gogaikarri egiten bazaio ere. Euskal geografian esparru-ludikoen kudeaketa eredu alternatibo bezala erabiltzen dena. Arte garaikide, alternatibo eta underground-aren diziplina kultural ezberdinen tenpluetako bat. Autogestioaren eredua nazioko mugimendu sozialetan. Noski, Bonbereneaz hitz egiten ari gara.

Hau bera pentsatzen du Tolosako udalak, “oso garrantzitsu bezala hartzen bait du kolektibo sozial honek egiten duen lana”(DV 2009/11/07 ikusi). Wikipediak ere, interneteko entziklopediarik erabili eta famatuena, Tolosaz hitz egiten duenean bere arlo kulturalean, Bonberenea erreferente kulturaltzat hartzen du.

Orduan, zergatik auzoaren etorkizuna Bonbereneak eta bizilagunek pentsatzen dutenari bizkarra ematen planteatzen da? Zergatik inposatzen da antolakuntza eredu bat mugimendu kultural honi? Zergatik aldatu behar da erreferente bat ondo doanean?

Bonbereneak lan sozial garrantzitsua betetzera bultzatu duen ereduak, ezin du derrigorrez kanpotik datorren esku-sartzerik izan mugimendu honen barnean hartzen diren erabakietan. Arrazoi honengatik Bonbereneak ez du dirulaguntzarik jaso. Hau bukatzen bada eta udalak -azpiegituraren jabe bezala-mugimenduaren barne erabakietan parte hartzen badu, nahi ez badu ere, erreferente honekin bukatuko du.

Bonberenea publikoa da jadanik, edozeinek du bertan lan egin, iritziak eman, erabakietan parte hartu zein ikasiz ondo pasatzeko eskubidea.

Udalak espazio sozio-kultural honen eta bere ingurunearen birgaikuntza proposatu beharko zuen, esku-sartzerik gabe eta erantzunkizunean auzoaren berrikuntzaren proiektu orekatua aurkeztuaz.

HF arquitectos SLP, Endara ingenieros asociados SL, eta ALD Ingenieria, Arquitectura y Equipamientos SLP, San Esteban plan bereziaren erredakzio proiektuaren arduradunei proposatzen diegu: beraien talentua erakustea eta proiektu integratzaile bat aurkeztea oraingo Bonberenea auzo berrian jarraitzeko. Bizikidetzan, etorkizuneko erronkei aurre egiteko eraikin dinamiko eta eraberritu bat izan dadin. Gainera, Bonberenea osatzen duten pertsonek eta erabiltzaileek Tolosako edozein hiritar bezala proiektu hau ordaintzen dute ere.

Litekeena da udalak ez badu arrazoitzen, mugimendu honen aurka erabiliko duela ehundaka etxebizitzen eraikuntza tolosarren aurrean, Bonberenearen etorkizuna egin eta desegiteko. Bi azpiegiturak kontrajarriak egongo balira bezala.

Erakutsi ezazue, bertako udal gobernuko batzordeko jaun eta andreok, zuei buruz “jainkoari erregutuz eta zementuarekin birrinduz” esaten dutenak nahastuak eta oker daudela, ala ezingo zenukete?